Zein adinekin has naiteke musika ikasten?
Bi urtetik aurrerako musika-hastapeneko proiektu bat prestatzen ari gara, baita oraindik amaren sabelean dauden haurrentzako beste bat ere; hala ere, gaur egun, 4 urterekin has daiteke eskolan.
Egia da musika-esperientziak gero eta lehenago jasota (ikasketen bidez edo etxeko edo inguruko musika-giroaz lagunduta) orduan eta asimilazio hobea dagoela gerora; hala ere, motibazio handiak ere bideak irekitzen ditu. Hori dela eta, eskolan pertsona guztiak onartzen ditugu, adina eta egoera alde batera utzita.
Izan ere, musika-eskolak xede horrekin sortu ziren, musikara gerturatu nahi zuen orok bizitzaren edozein etapan horixe bera egin ahal izateko, Kontserbatorioetan ez bezala; azken horietan etapa goiztiarretan sartu behar da, eta adin-mugak daude prestakuntza-ziklo bakoitzean.
Hitz batez: edozein adinekin.
Baina oso nagusia naiz, zerbait ikasiko dut?
Eskolan urte asko daramatzagu helduekin lanean, eta gure esperientzia oso positiboa eta atsegingarria izan da ikasle helduentzat nahiz irakasleentzat.
Egiari zor, arrakasta instrumentu-praktikari eskaintzen zaion denbora eta gogoaren araberakoa da, eta hori, nagusiki, bi gauzaren menpe dago: motibazioa eta horretarako dugun denbora. Zuk badituzu?
Ez daukat denbora libre askorik, baina ikasi nahi dut; merezi du?
Arin aurrera egiteko ez da denbora asko behar; izan ere, gehiago aurreratzen da egunean ordu laurden bat ikasita bi hilean behin bi egun osoz jota baino, adibidez.
Zer titulazio jasoko dut?
Musika-eskolek ez dute titulazio ofizialik ematen.
Bestalde, baten batek ikasketa profesionaletan sartu nahi badu, sarrera-probetarako prestatu daiteke, maila guztietan: oinarrizkoa, erdi-mailako gradua edo goi-mailako gradua. Horretarako, ikasketaburuari jakinarazi behar zaio proba horietarako prestatu nahi dela, hala badagokio prestakuntza-ibilbide egokia ezartzeko.
Lan egiteko gaikuntza ematen duen titulu ofiziala goi-mailako kontserbatorio batean goi-mailako gradua amaitu ondoren ematen da bakarrik (Musikene, Euskal Autonomia Erkidegoan). Bertan sartzeko, sarrera-proba egin behar da; ikasle guztiek egin behar dute, kontserbatorioetako erdi-mailako gradutik datozenek eta beste guztiek.
Nahitaezkoa da musika-hizkuntza egitea?
1966ko plan zaharrarekin ikasi genuenok ez ditugu oroitzapen oso onak horri dagokionean; presio handia jaso genuen, epaitegiak eta kalifikazio okerrak barne.
Hori dela eta, musika-eskolak beste kontzeptu batetik sortu ziren: musikaz gozatzea.
Izena ere aldatu zen, horri lotzea ekiditeko hain zuzen, eta solfeoa musika-hizkuntza bilakatu zen.
Baina galderara bueltatuz, erantzuna beste galdera honi emango geniokeenaren antzekoa da: beharrezkoa da idazten ikastea nobela bat idazteko?
Noski baietz; oinarrizko gutxieneko nozioak behar dira.
Beharrizan bereziak dituzten ikasleak.
Aniztasunaren arreta. Ikasle batzuek tratamendu berezia behar dute, kalitatezko irakaskuntza bermatzeko.
Gaiari buruz hezkuntza-informazio eskasa dagoen arren, Amurrioko Musika Eskola erreferentzia-puntu izan da musikaren esparruko bestelako hezkuntza-erakunde batzuentzat, aniztasun-arretari dagokionez. Izan ere, hasieratik heldu zion horri eta erronkari aurre egin zion horretan aritzeko desiragarri ziren bitarteko tresna eta prestakuntza izan gabe. Lortutako aurrerapenek gu horretan askoz gehiago inplikatzea ekarri dute.
Helburua da ikasle horiek talde arruntetan integratzea, arreta psikopedagogiko egokia emanda. Kasu bakoitza irakasleekin baloratu ondoren, GAPPArekin (Amurrioko Arreta Psikologikoko eta Pedagogikoko Kabinetea) eta Arabako Berritzegunearekin elkarlanean, posible ez bada, beste erakunde batzuetara bideratuko da, talde berezietan sartzeko (eskolaren laguntza izan dezakete, baina ez derrigor).
Gauzak horrela, matrikulatu berri guztiei galdetuko zaie ea ikasleak arreta berezirik behar duen. Hori adierazten duten guztiak ikasketaburuarekin bilduko dira, kasua aztertzeko. Ondoren, informazio hori tartean dauden irakasleei jakinaraziko zaie.
Beharrizan psikopedagogiko bereziak dituzten ikasle guztientzat honako kontu hauek aurkeztuko dira:
– Koordinazio pedagogiko berezia, eskatutako kasuetarako.
– Irakasleentzako laguntza, aholkularitza psikopedagogikoaren bidez, eskatutako kasuetarako.
– Adituen laguntza posible denean (ONCE, CRI, etab.).
Zein instrumentu hautatu?
7 urteko ikasleentzat, instrumentu zehatz bat hautatu baino lehen, Instrumentu Aurrekoa izeneko programa bat dago, “instrumentuen txandak” izenaz ere ezaguna.
a) Helburua: Eskolan dauden instrumentuak zuzenean ezagutzea, gerora zein hartu erabaki ahal izateko. Irakasle bakoitzak ikasleak instrumentuaren aurrean erakutsitako gaitasun eta jarrerari buruzko balorazio informatibo eta orientatiboa ematen du.
b) Edukia: irakasle bakoitzak instrumentua aurkezten dio ikasleari, horren ezaugarriak eta funtzionamendua azalduz. Irakasle bakoitzak ikasleak instrumentuaren aurrean erakutsitako gaitasun eta jarrerari buruzko balorazio informatibo eta orientatiboa ematen du.
c) Irakas-denbora: 30 minutu astean.
Gainontzekoei dagokienez, bakoitzak gehien gustatzen zaion instrumentua hautatu dezake; hala ere, “bigarren iritzi” bat jasotzea ez legoke gaizki, dagokion instrumentuaren irakaslearen eskutik, adibidez.